Willem DAFOE
Aktorea
– ESTATU BATUAK
Aktorea naiz, batez ere zineman egindako lanagatik ezaguna. Hala ere, nire sustraiak antzerkian daude sakon errotuta. 1977tik 2003ra The Wooster Group taldeko kide izan nintzen, New Yorkeko The Performing Garage aretoan sortzen eta antzezten, eta mundu osoan barrena birak egiten. Richard Foreman, Robert Wilson eta Romeo Castelluccirekin ere lan egin dut. Gaur egun, Veneziako Antzerki Bienaleko zuzendari artistikoa naiz. Esperientzia horiek guztiek, munduan gertatzen ari denarekin batera, antzerkiak duen indar berezi eta positiboan sinestera eraman naute, baita bere garrantziaz ohartzera ere.
Wooster Group taldean hasi nintzenean, askotan oso ikusle gutxi izaten genuen gure emanaldietan. Batzuetan, oholtzan geundenak baino publiko gutxiago egoten zen, eta halakoetan emanaldia bertan behera uzteko aukera genuen. Baina ez genuen inoiz egin. Taldeko kide askok ez zuten antzerkiko prestakuntza formalik; diziplina ezberdinetatik etorritako pertsonak ginen, elkarrekin antzerkia egiteko elkartuak. “Ikuskizunak aurrera egin behar du” ez zen gure leloa, baina publikoarekin genuen hitzordua mantentzea gure ardura zela sentitzen genuen. Sarri, egunez entseatzen genuen, eta arratsaldean edo gauean, egiten ari ginen lana erakusten genuen, oraindik osatu gabe zegoen bezala. Batzuetan urteak ematen genituen pieza berean lanean, aurreko lanekin bira eginez bizirauten genuen bitartean. Prozesu luze horiek nekagarriak izan zitezkeen, eta entseguak batzuetan gogorrak egiten zitzaizkidan. Baina lan-prozesuan zeuden emanaldiek beti sortzen zuten zirrara berezi bat, nahiz eta ikusle gutxi egoteak gure lanarekiko interes eskasa adierazten zuela ematen zuen. Hala ere, horrek argi utzi zidan zerbait: ikusleak, gutxi izan arren, lekuko gisa, funtsezkoak direla antzerkiari zentzua eta bizitza emateko.
Apustu-etxe bateko kartelak dioen bezala: “Irabazteko, bertan egon behar duzu”. Sorkuntza-ekintza baten esperientzia partekatua, une berean gertatzen dena —nahiz eta egituratua egon, beti ezberdina dena—, antzerkiaren indargune nagusietako bat da. Gizartean eta politikan, antzerkia inoiz baino beharrezkoagoa da geure burua eta mundua ulertzeko.
“Gelan dagoen elefantea” teknologia berriak eta sare sozialak dira: konektatzeko promesa egiten dute, baina sarritan pertsonak sakabanatu eta isolatu egiten dituzte. Nik neuk ere ordenagailua egunero erabiltzen dut, sare sozialik ez dudan arren; nire burua bilatu dut Interneten, eta adimen artifizialera jo dut informazio bila. Baina begiak itxita izan behar dira ez ikusteko giza harremanak gailuekin ordezkatzeko arriskua dagoela. Teknologiak lagungarri izan daitezke, bai, baina komunikazioaren beste aldean nor dagoen ez jakiteak egiarekiko eta errealitatearekiko zalantza handiak sortzen ditu. Internetek galderak sor ditzake, baina oso gutxitan harrapatzen du antzerkiak sortzen duen lilura: arreta, parte-hartzea eta une berean bildutako komunitate baten indarra.
Aktore eta sortzaile moduan, antzerkiaren indarrean sinesten jarraitzen dut. Gero eta zatituagoa, kontrolatuagoa eta bortitzagoa dirudien mundu honetan, gure erronka da antzerkia ez bihurtzea distrakziora bideratutako entretenimendu huts, ezta tradizioak gordetzen dituen egitura zurrun ere. Aitzitik, bere gaitasuna indartu behar dugu pertsonak, komunitateak eta kulturak konektatzeko, eta, batez ere, norantz goazen galdetzeko.
Antzerki handiak pentsatzeko dugun modua astintzen du, eta izan nahi dugun hori irudikatzera gonbidatzen gaitu.
Izaki sozialak gara, munduarekin harremanean egoteko sortuak. Gure zentzumen bakoitza topaketarako ate bat da, eta topaketa horien bidez definitzen dugu hobeto nor garen. Istorioen bidez, estetikaren bidez, hizkuntzaren, mugimenduaren eta eszenografiaren bidez, antzerkiak —arte oso gisa— iraganari, orainari eta etorkizun posibleei begiratzeko aukera ematen digu.
Itzulpena: MARAMARA* Taldea