Antzerkia santutegi ere den aldetik
Ajokak Bulleh Shah poeta sufiari buruz eginiko antzezlanaren saio baten amaieran, sufi handiaren papera antzeztu zuen aktorearengana hurbildu da agure bat, haur batek lagunduta. “Biloba ondoezik dago, bedeinkatuko ote zenuke?”, esan dio. Harriturik, hauxe diotso aktoreak: “Ez nauzu Bulleh Shah, haren papera jokatzen duen antzezle bat besterik ez naiz”. Agureak, orduan, honela erantzun dio: “Seme, ez zara aktore soil bat, Bulleh Shah berraragitu bat baizik, haren abatarra”.
Bat-batean, antzerkiaren kontzeptu guztiz berri bat bururatu zitzaigun; hartan, jokatzen duen pertsonaiaren berraragitze bihurtzen da antzezlea.
BullehShah-ena bezalako istorioak arakatzea… Horrelako pasadizoak kultura guztietan daude, eta gure arteko zubi bihur daitezke, antzerki-sortzaileen eta ikusle edo entzule ezezagun baina gogotsuen arteko zubi.
Agertokian antzezten dugun bitartean, batzuetan, antzerkiaz dugun filosofiak hartzen digu gaina, aldaketa sozialaren aitzindari gisa dugun paperean, zenbaitetan, atzean uzten dugu komunitatearen zati handi bat.
Orainak egiten dizkigun erronkekin dugun konpromisoan, alde batera uzten ditugu antzerkiak eman dezakeen esperientzia espiritual hunkigarri baten aukerak.
Gaurko munduan, intolerantzia, gorrotoa eta indarkeria areagotzen ari direlarik, gero eta gehiago hondoratzen ari da gure planeta hondamendi klimatikoan: behar-beharrezko zaigu gure indar espirituala suspertzea.
Borroka egin behar dugu apatiaren, lozorroaren, ezkortasunaren, diruzalekeriaren eta bizi garen munduarekiko, bizi garen planetarekiko mespretxuaren aurka.
Antzerkiak rol bat du, rol noble bat, gizateria dinamizatu eta aurrera eraman behar du, altxatzen lagundu behar dio, amildegian behera erori aurretik.
Tenplu bihurtu dezake antzerkiak agertokia; emanaldi espazioa, zerbait sakratu. Asiako hegoaldean, erreberentziaz ukitzen dute artistek agertokiko zorua, zapaldu aurretik. Antzinako tradizio horretan, elkarrekin lotuta zeuden espiritualtasuna eta kultura.
Harreman sinboliko hori berreskuratzeko garaia da, artistaren eta ikusleen artean, iraganaren eta etorkizunaren artean. Ekintza sakratua izan daiteke antzerkigintza, eta jokatzen dituzten rolen abatar bihurtu daitezke antzezleak.
Ahalmen eraldatzailea du antzerkiak, eszena santutegi eta santutegi hori antzezteko gune bihurtzekoa.
Antzerkiaren Nazioarteko Institutua. Eszena Arteetarako Nazioarteko Erakundea.