Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru, berriz, Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.
Euskal zinemak arrakasta izan du aurtengo Goya sarietan. Espainiako Zinema Akademiak atzo banatu zituen sariak, eta bi euskal filmek zortzi garaikur jaso zituzten guztira: Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filmak bost lortu zituen, eta hiru David Perez Sañudoren Ane-k. Zortzi horien artean, saririk garrantzitsuenak Ane filmeko bi aktore nagusiek irabazi zituzten: emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak, eta emakumezko aktore berririk onenarena, berriz, Jone Laspiur donostiarrak.
Malagan (Espainia) egin zuten Goya sarien 35. sari-banaketa, eta Antonio Banderas aktoreak eta Maria Casado telebistako aurkezleak aurkeztu zuten. Irabazleek ere modu telematikoan jaso zituzten sariak, eta, besteak beste, zeresana eman du Aranzazu Callejaren eta Maite Arroitajauregiren saria jasotzeko moduak: abestuz eman zituzten eskerrak. Jatorrizko musikarik onenaren saria eman zieten Akelarre-n egindako lanagatik.