|
EUSK
/
CAST
HASIERA
|
CASTING
|
IKASTAROAK
|
ALBISTEAK
|
SARIAK
|
SINDIKALA
|
AFILIATU
|
KONTAKTUA
ALBISTEAK
×
Close
2014-06-16
Guk gEUre Kulturaz (segunda jornada): Dando pasos hacia la concreción
Duela lau hilabete egindakoak baino parte hartzaile gutxiago bildu dituen arren, 60 lagun inguru, Guk gEUre Kulturaz mugimenduak antolatutako bigarren bilkurak gai batzuen inguruko zehaztasunetan aurrerapausoak egiteko eta ekinbidea sendotzeko balio izan du Joan den otsaileko bilkuran baino parte hartzaile gutxiago bildu zuen Guk gEUre Kulturaz (Geuk) mugimenduaren atzoko bilkurak Durangoko San Agustin kulturgunean, 60 lagun inguru guztira —otsailekoan 150 inguru izan ziren—, baina orduan abian jarritako dinamikan aurrerapauso garrantzitsua izan zen, hala ere, atzokoa. Parte hartzaileen artean sortzaile eta eragile ezagunak zeuden, hala nola Igor Elortza bertsolaria, Lutxo Egia idazlea, Josu Camara antzerki zuzendaria, Mikel Martinez aktorea, Anjel Valdes eta Ritxi Aizpuru musika arloko agenteak eta Santi Eraso eta Igor Otxoa kultur kudeatzaileak. Parte hartzaile bakoitzak bere buruaren aurkezpen labur bana egin ostean, hamaika taldetan banatuta elkartu ziren denak lan mahaietan: hizkuntza zuen aztergai talde batek, sorkuntza beste batek, hedabideak, azpiegiturak, hezkuntza… Gai eta kezka batzuk lantalde bat baino gehiagotan agertu ziren, hala nola honako hauek: kulturak gizartean duen presentzia, estimazio eta prestigio gero eta urriagoa, egiten den lanaren ezagutarazpena eta ikusgarritasuna lortzeko dauden arazoak, hainbat arlotako profesionalen aldetik —kultur programatzaile eta teknikariak, irakasleak eta kazetariak aipatu zituzten batik bat— maiz agerian geratzen den ezagutza eta sentsibilitate falta, sare sozialak «oihan» bihurtzen dituen informazioaren saturazioa… Komunikabideei buruzko gogoetak landu zituen taldean, kuoten gaia izan zen eztabaidaren ardatzetako bat, eta Frantziako eredua oinarritzat harturik gaiaren inguruko proposamenak osatzearen alde mintzatu ziren parte hartzaileetako batzuk, gero proposamen hori gizarteratu eta erakunde publikoei zein pribatuei ere aurkezteko.Krisiak eragindako murrizketen inguruko ikuspegi kritiko bat ere agerian geratu zen mahai bat baino gehiagotan: murrizketa horiei aurre egiteko, kasutik gehienetan sortzaileei —gidoilariei, musikariei, artistei, aktoreei…— gutxiago ordaintzera —edo, sarritan, ezer ez ordaintzera— jotzen da, baina «aurretik ezarritako makineria handiak» ukitu gabe. Bazkalondoren berriro bildu ziren taldetan parte hartzaileak, eta iluntzean Premiazko Neurrian Egitasmoa zehazteko asmoa zuten. Egitasmo hori honako galdera hauei erantzuteko baliagarria izatea nahiko lukete Geuk mugimenduaren bultzatzaileek: «Zelan lortu genezake sortzaileak gizartean duen garrantzia onartzea? Nola lortu genezake sorkuntza eta euskal kultura hezkuntzaren bitartez landuko direla bermatzea? Zein hobari proposatu genitzake kultur programazioa sustatzeko? Zein neurri jaso ditzake kultura arloan lan egiteko aukerak handitzeko egitasmo batek? Zelan lortu genezake komunikabideek, batez ere EITBk, eduki kulturalei tarte gehiago eskaintzea? Finantzaketa arazo latza dugu, nola konpondu? Zer egin genezake finantzaketa publikoa errazago eskuratzeko? Eta finantzaketa pribatua erdiesteko? Zelan sustatu genezake kulturaren kontsumoa bai guk bai erakunde publikoek? Nola antolatuko dugu geure burua, nola artikulatu gaitezke? Kulturgintzan ari garenon garrantzia eta botere maila handituko lukeen Kontseilu edo Erakunderen bat sortu genezake? beharrezkoa deritzozu kulturarako eskubideak legalki arautzeari? Kulturak gure herrian egun duen egoera larriari aurre egiteko, zein beste neurri hartu beharko genituzke?».
ALBISTE guztiak ikusi