Campos Eliseos Antzokia, Bilbo, 2024ko urriaren 2an. Atzo Euskal Aktoreen Batasunak (EABk) Besarkada Sarien hogeigarren edizioa ospatu zuen, bertan sindikatuko afiliatuek lankideak egindako lanengatik saritzen dituzte. Gala zirrarak, umoreak eta ikusgarritasun gutxiago izan duten antzezle eta aktoreen lanaren errekonozimenduak markatu zuen, eta Palestina herriarekiko elkartasuna ere nabarmen izan zen, Alizia Otxoa idazkari nagusiaren diskurtsoan alde batetik, palestinarrak haien gain jasaten ari diren genozidioa salatu baitzuen, eta galara bertaratu ziren gehiengoenen pegatinek adierazten zuten moduan bestetik, egungo gatazka amaitzea eskatzen zuten pegatinak hain zuzen.
Umore eta aldarrikapenez betetako Gala
Hodei Arrastoa eta Kepa Errastik gidatutako galak umorea erabili zuen antzezle gehienen lan ikusezinari balioa emateko, aurpegi ezagunak ez izan arren, Euskal Herriko arte bizien ekosistemaren sostengatzaile nagusiak baitira. Galako aurkezleak, Alazne Astorga, Ima Koiote, Mirena Nafarrete eta Jaione Urtasun, guztiak euren karreren hasieran dabiltzak aktoresak, Xanti Konkorstegirekin batera egon ziren, aurreko edizioan Errebelazio Saria izan zena.
Errebelazio sari banaketa gaueko beste momentu goxo bat izan zen, bi sarituek, bakoitzaren senideen konplizitateari esker, ez baitzuten sarituak zirela jakin haien izenak esan ziren arte. Sambou eta Leireren familiako kideak agertu ziren eszenatokian bakoitzari saria ematera.
Galari amaiera emateko, euskal aktoreen arteko babesa eta batasuna adierazten zuen mezua zabaldu zen, kolektiboak kultur-eszena bizi, anitz eta konprometitu baten eraikuntzan duen garrantzia azpimarratu nahian.
SARIAK
Telebista Kategoria
Telebistan, emakumezko aktore onenaren saria Itziar Atienzak eskuratu zuen, Entrevías telesail arrakastatsuan egindako lanagatik, eta gizonezko aktore onenarena, bestalde, Gorka Otxoak eskuratu zuen, Machos Alfa telesailean egindako lanagatik. Otxoak hunkituta jaso zuen saria bere familiaz inguratuta, berotasun eta hurbiltasunez beteriko momentu batean.
Telebistako errebelazio saria Sambou Diabyri banatu zitzaion, ETBko Itsaso telesailean lan bikaina egin duen aktorea, eta laister Artedramaren eskutik eszenatokian antzezlan berri batekin izango dena.
Zinema Kategoria
Zinemako sariak bi izen ezagunen eskuetara joan ziren. Ane Gabarain, 20.000 especies de abejas film txalotuan egindako lanagatik errekonozimendu ugari jaso dituen aktorea izan zen Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso zuena. Eta, keinu polit baten ondoren, Edurne Azkarate ere sari honen irabazle bihurtu zen. Bestalde, Eneko Sagardoy nabarmendu zen Gizonezko Aktore Onenaren saria irabaziz, Iratin, 2023an euskeraz ekoiztutako pelikula bakarrean egindako lanagatik.
Antzerki Kategoria
Antzerki kategorian, erabakigarrriak izan ziren azkeneko botu gutxi batzuk, hainbat izendatu egon baitira irabaztetik hurbil. Azkenik, Olatz Ganboak eskuratu zuen Emakumezko Aktore Onenaren saria, Festen antzezlanean egindako lan zirraragarriagatik, eta Kepa Errasti izan zen Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso zuena, Posdatarik gabeko gutuna filmean egindako lanagatik. Errasti, galaren zuzendarikidea, bere aldakortasunagatik eta presentzia eszenikoagatik nabarmendu zuten.
Antzerkiko Errebelazio Saria Leire Ormazabalek jaso zuen, Ramon Bareak zuzendutako Pio Barojaren La lucha por la vida eleberriaren egokitzapenean interpretatu zituen pertsonaiei eman dizkien ñabarduren aniztasunagatik arrasto ezabaezina utzi baitu. Ormazabalek "ez dagoela rol txikirik, aktore handiak baizik" ikusarazi digu.
Golden Apple Quartet talde ikonikoarentzat izan zen, eta haiek hobe egiten dutena eginez jaso zuten saria: abesten. Taldearen agerraldia gaueko unerik hunkigarrienetako bat izan zen, eta honela, laukoteak amaiera bikaina eman zion musika eta umoreari eskaini dioten hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari.